XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hantxe bertan jo ez ninduenean!

Elkarri hitz emanda geundena ahazturik, aharitxoak ginen, topeka hasteko prest.

Eskerrak Martinek bakea ekartzeko ahalegina egin zuena.

- Arraioa, mutilak! Soka horiek!

Laster ikusi ziren hiru soka luze aidean, kanpandorrerantz igotzen bezala.

Burdinaren hotsak aditu ziren halako batean, eta sokak geldi geratu ziren.

- Ondo? galde egin zuen Martinek. Ederto! Ederki!

Batera erantzun genuen Hernandok eta biok, sokei tenk eginez aldi berean, tinko geratu ote ziren ez ote ziren geratu, tentuz frogatu beharrekoa baitzen zereginaren alderdi hori.

Azken batean soka haietan gora joan beharko genuen, huntzak zuhaitz enborrean bezala, edo antzean behintzat.

Huts eginez gero, akabo.

- Aupa! esan nuen nik, igotzen hasteko seinalea emanez. Aupa! egin zuten eurek.

Sokan gora ekin genion hirurok, elizako kanpandorrera, bildurrez.

Fidagarria ote zen trikimailu hura?

Hiru sokek muturrean loturik txarpin edo ainguratxo bana zuten, alegia, txalupatik lehorrera nahiz alderantzizkoa egiteko erabiltzen diren horietariko bana.

Behin baino gehiagotan gertatua zitzaidan txarpina txalupatik lehorrera jaurti izana eta, tinko eutsita dagoelakoan, tiraka eta indar egiten benetan hastean, hara han txalupa ia lehorra jotzen eta txarpinak aidean, aske.

Halako zerbait gertatu bide zitzaion bat-batean Hernandori.

Hernando ni baino arrabete gorago ari zen igotzen, Martin nire orpoak jaten zetorren bitartean.

Elkarren lehian sarturik ginen, gazte ero halakoak, arinegi igotzen.

Ez zen kontua huntzak zuhaitzean gora bezain astiro igotzea, ezta aingira eskuan bezain irristakor ere; tentuz eta kontuz igo beharra genuekan.